Mehatxuak

Águila bonelli

 

70 eta 90 hamarkaden artean populazioak beherakada oso handia egin zuen elektrokutatuta/talka eginda hil zirelako eta zuzeneko jazarpena izan zuelako; estolastizitate demografikoaren eta populazioaren bakanketaren ondoriozko arazoez gain. Heriotza ez naturalen (elektrokuzioa eta jazarpena) tasa altuen ondoriozko kontserbazio arazoei aurre egiten saiatu dira lehenagoko ahaleginetan, baina aurreko proiektuetan heldu ez zaien populazio dinamikei lotutako kontserbazio arazoek jarraitu egiten dute eta ahalegin berri bat egin beharra dago.

 

Espeziea kontserbatzeko ahaleginak egin diren arren, oraindik ere zalantzak daude, banakoen mugimenduak ez baititugu ezagutzen. 80ko hamarkadaz geroztik babes legala izan eta kontserbatzeko lehenengo neurriak hartu ziren arren, beste harrapari batzuk berreskuratu egin dira, baina Bonelli arranoa pixkanaka desagertuz joan da penintsularen iparraldetik hegoaldera.

Orain arte azterketa demografikorako ekoizpena eta heriotza tasa bezalako parametroak hartu dira kontuan populazio bakoitzean, eta ez zaie garrantzirik eman immigrazio tasei, emigraziokoei, erreklutatzeari, eremu sarbegiei eta iturriei.

1. arazoa: Espeziearen metapopulazio dinamikaren ondoriozko arazoak.

Populazioak berriro sartzeko eta berreskuratzeko arazo nagusia metapopulazio kontzeptuan eta eskualde desberdinetako populazioen arteko erlazioetan oinarritzen da. Espeziearen mehatxuak zuzendu eta txikitu aurreko faseak aztertu ondoren, ezinezkoa da eskualde bakoitzean hegaztiak sartzeko ahaleginak modu independentean egitea, beste eskualdeekin zer harreman dauden ikusi gabe.  Espezieak barreiatzeko joera du eta horren ondorioz eskualde batean sartzen diren hegaztiek beste eremu bateko populazioa indartu dezakete.

Kontserbatzeko neurriak hartu izanari esker, helduen eta gazteen heriotza tasa nabarmen txikitu zen, eta proiektuko eremuetan hartutako lurraldeak ez ziren galdu aldi batez. Dena dela, espezieak Europan duen joera orokorrari jarraituaz, eskualdeko populazioak (Andaluzian izan ezik) behera egiten jarraitu du azken urteetan eskualde hauen egoera biogeografikoaren ondorioz, espeziaren berariazko banaketaren mugan baitaude eskualde hauek, eta urteko ekoizpenaren eta penintsulako metapopulazioaren hilkortasun heldu eta gaztearen arteko defizitaren ondorioz; Horrek fluxu filopatrikoa mugatu egiten du eta lurraldetutako helduak ordezkatzeko gaitasuna ere bai (Real eta Mañosa, 1997; Fernández eta Azkona, 2010).

Bonelli arranoak iberiar penintsulan eta Frantzia hegoaldean duen populazio dinamikak adierazten duenez, populazioak elkarrengandik banatuta dauden arren, noizbehinkako immigrazio eta emigrazio fenomenoen bidez lotuta daude. Egitura honi “metapopulazioa” esaten zaio Kontserbazioaren Biologian. Horrela, bada, kontserbazio neurriak populazio nahiko bakanduetan oinarritu dira, populazio horrek metapopulazioan duen zeregina kontuan izan gabe. Adibidez, Nafarroako eta Proventzako (Frantzia) populazioek arranoak galtzen dituzte, gazteen emigrazio tasa oso altua delako; hau da, hegoaldera joaten dira eta ez dira behar adina itzultzen, populazio hauek bakanduta daudelako eta txikiak direlako (Real eta Mañosa, 1996). Gainera, helduarora heltzear daudenen hilkortasun tasa altua ere hauteman da eta hori konpontzeko ere gerturatze global bat egin beharra dago, iberiar penintsula mailakoa (Real eta Mañosa, 1996).

Hori dela eta, LIFE BONELLI proiektu honek ikuspegi globaletik hartu nahi du arazoa. Dauden hegaztiak (bai basatiak bai itxian hazitakoak) monitorizatzeak du lehentasuna eta horien mugimenduen berri izateak ere bai; horren bidez Andaluzian jaio baina beste eskualdeetan antzinako lurraldeak birkolonizatzen ez dituztenak nora joaten diren jakin nahi da. Hegaztiak monitorizatuta eta 5 eskualde desberdinekin lana eginda, populazio guneen arteko harremanei buruzko ikuspegi osoagoa izango dugu. Horrela espeziaren mugimendu naturala zein den ikusi nahi da eta populazioek osotasunean (metapopulazioan) nola jokatzen duten ere bai. Datu hauen bidez, kontserbazio arazo hauek zehazten saiatuko gara.

Esan bezala, espezieak atzera egiteko arrazoietako bat elikagai gero eta gutxiago izatea da, bereziki espeziaren hedapen eremuaren iparraldeko mugan (Espainia iparraldean) dauden eskualdeetan gertatzen da hori eta eskualde horretan daude Nafarroa eta Araba. Beraz, ahalegin handiagoa egin behar da eremu horietako habitata hobetu eta kontserbatzeko jarduerak egiteko.  Era berean, Nafarroako aurre Pirinio eremua pixkanaka husten ari denez, eta eskualde horretan espeziearen eremurik nagusienak hor daudenez, eta horren ondorioz dagokion habitata ere atzera egiten ari denez, beharrezkoa da egoera hori zuzentzeko ahalegin berezia egitea.

Kontserbazio arazo hauekin batera, beharrezkoa da arrisku eta mehatxu batzuk lantzen jarraitzea ere, horiek izan baitira Bonelli arranoaren iberiar populazioa txikitzeko arrazoiak. Gizakiaren presentzia beste espezie batzuek baino hobeto jasaten duenez, lurralderik gehienak jendeak hartutako eremuetan daude, horrek berekin dituen arrisku eta mehatxuekin (proiektuan sartutako eskualde bakoitzeko ezaugarri eta aurrekarien arabera, eragin handiagoa edo txikiagoa dute).

UICNeko araudiak esan bezala, espezieak berriro sartzeko ezinbestekoa da mehatxuak ahalik eta gehien murriztea, espezieak arrakastaz sartu ahal izateko. Hori dela eta, aurreko proiektuetan zentzu honetan lan handia egin den arren, BONELLI proiektuak lerro honetan jarraitu nahi du, eta berriro sartuko ditugun hegazti berriak xede diren eremuetan finkatzeko mehatxuak eta arriskuak are gehiago minimizatu nahi ditu.

 

Hauek dira mehatxuak:

Basozainak eta GREFAko kideak elektrokutatuta hildako Bonelli arrano batekin1. mehatxua: Elektrokuzioa eta talka

Banaketa lineetan gertatzen da elektrokuzioa, baina talkak hariak bakartu gabeko aireko edozein lineatan gerta daitezke, baita umeak hazten diren tokietatik gertu dauden parke eolikoetan ere.

Helduen eta aurre helduen heriotza zergati nagusia da.

Proiektuko eremuetan faktore hau oso murriztu da, neurri zuzentzaileak bete baitira, baina osatu edo mantendu egin behar dira.

2. mehatxua: Habitata homogeneizatzen duten giza jarduerak.

Habiak egiteko habitata aldatu homogeneizazioaren bidez, azpiegiturak egin direlako eta ingurua eraldatu delako.

Bizi eremuetan balizko presa gutxiago egoten da eskura, eta horrek ekoizgarritasuna mugatu dezake. Lurraldeek harrera egiteko duten gaitasuna murrizten da, horren ondorioz, antzinako lurraldeak birkolonizatzea zailagoa da eta, muturreko kasuetan, txitak hazteko eremuak utzi egin ditzakete.

3. mehatxua: Gizakiaren trabak habien eremuetan.

Aisiako jarduerei lotua (ibilaldiak, eskalada eta beste abentura kirol batzuk, argazkigintza, turismoa, etab.) eta ekoizpen jarduerei ere bai (harrobiak, azpiegiturak, nekazaritza eta abeltzaintza, etab.). Ekoizpenak porrot egitearen zergatirik nagusienetakoa da. Mehatxu hau areagotzen ari da, kirol inbasiboek gora egin dutelako. Proiektuan aisiako jarduerak arautu egingo dira Bonelliren garai bateko lurraldeetan, birkolonizatu daitezen.

4. mehatxua: Habitataren berezko narriadura.

Oro har, gogoan izan behar da Bonelli arranoa Mediterraneo inguruko espeziea dela mendebaldeko eremu paleartikoan. Harkaiztarra eta termofiloa, habitat mediterraneoak hartzen ditu. Bai Araba bai Nafarroa iberiar penintsulako mediterraneo eskualdeko muga bioklimatikoan daude eta horren ondorioz, habitat mota honen kopuru txikiagoa dute.

Habitataren narriaduraren ondorioz, bizi eremuetan balizko presa gutxiago egoten da eskura, eta horrek ekoizgarritasuna mugatu dezake. Lurraldeek harrera egiteko duten gaitasuna murrizten da, horren ondorioz, antzinako lurraldeak birkolonizatzea zailagoa da eta, muturreko kasuetan, txitak hazteko eremuak utzi egin ditzakete. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko datuen arabera, Nafarroa eta EAEko untxi populazioen dentsitate erlatiboak balio baxuagoak ditu.

Beraz, populazio harrapakinak hazita habitatak hobetzeari lehentasuna eman behar zaio iparraldeko eskualdeetan, baina ez da horrelakorik aipatzen eskualde mediterraneoagoetan (Madril eta Balear Uharteak).

5. mehatxua: Zuzeneko jazarpena eta legez kanpoko ehiza.

Funtsean ehizari lotua. Zuzeneko jazarpenak gero eta garrantzi txikiagoa du, baina oraindik ere hegaztiak hiltzen dira tiroz eta pozoituta, dena dela, gizartean harrapariek orain ez dute hain ospe txarra eta hori aldatzen ari da. Are gehiago, Mallorcan zuzeneko jazarpenaren ondorioz desagertu zen espeziea. Zeharka bada ere, helduen hilkortasunaren ondorioz oso murrizten da ugaltzeko gaitasuna.

Ezkutuko jarduera denez kuantifikatzea zaila izan arren, helduen eta aurre helduen bigarren heriotza zergatia da.

 

GREFAko kideak elektrokutatutako Bonelli  arrano baten ondoan

 

Share

Proiektoaren foiletoa

folleto informativo bonelli ico eus

lifebonelli newsletter eus

Photo News