Eragozpenak eta hilkortasunaren zergatiak murriztu

 

Correccion tendido electrico para evitar electrocuciones de aves

 

Eragozpenak edo hilkortasunaren zergatiak murriztea funtsezkoa da, Bonelli arranoaren populazioak berriro ezarri ahal izateko.

 

Linea elektrikoak zuzendu

Jarduera honen xedea hegaztientzako linea elektriko arriskutsuak hauteman eta mehatxu hori zuzentzea da.

Mallorcan zuzendu beharreko babesak eta lineak: zuzendu beharreko linea guztiak eremu hori Natura 2000 Sarean sartu eta espainiar legediaren arabera nahitaez bete beharreko neurriak abian jarri aurrekoak dira; legediaren aurreikuspen guztiak bete ditu uhartean dagoen argindar konpainia bakarrak, ENDESAk.

Araban zuzendu beharreko babesak eta lineak: Araban lehen ere egin zen Bonelli arranoa kontserbatzeko LIFE proiektu bat, LIFE 00 NAT/E/7336 delakoa, eta proiektu hartan zuzendu ez ziren lau banaketa lineetan egingo dira zuzenketa lanak. Arranoak satelite bidez jarraituta eta zuzenean begira egonda, zuzendu beharreko lau linea berri hauteman dira, elikatzeko eta ibiltzeko oso erabiltzen dituzten eremu batean daudelako eta eremu hori Bonelli arranoak ez ezik, miru gorriak, arrano beltzak, mirotzak eta saiak ere erabiltzen dute. Linea hauek Araban HBBEak esleitu aurrekoak dira, beraz ezin zaie 1432/2008 Errege Dekretua ezarri eta horiek zuzentzea ez dute nahitaez jabeek egin behar, baizik eta administrazioak beregain hartu behar du.

Madrilgo Erkidegoko zuzendu beharreko babesak eta lineak: Aldaketak egin beharreko babesak 1999 baino lehenagokoak dira, beraz, erkidegoko eta nazioko araudian jasotako betebeharrak (1998ko martxoaren 25eko BOCM. Akatsen zuzenketa: 1998ko apirilaren 27ko BOCM, martxoaren 5eko 40/1998 Dekretua eta abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua) -linea, zabaltze edo aldaketa berriei buruzkoak- ezin dira ezarri oraindik erabiltzen diren hainbat babesetan eta argindar konpainiek ez dute horiek zuzentzeko legezko betebeharrik. Proiektu honetan planteatutako aurrekontua, aldaketak legezko betebeharren bati lotu gabe dituzten linea elektrikoak zuzentzeko izango da soilik. HBBE ere linea horiek instalatu ondoren izendatu zen.

Nafarroan hitzarmenekin jarraituko da, bai argindar garraioko enpresekin bai partikularrekin; horren ondorioz, dagoeneko 1.387,4 km-ko banaketa sarean 4536 babes zuzendu dira guztira eta 166,8 km-ko garraio eta banaketa sareen 851 bao seinaleztatu dira azken 12 urteetan.

Linea elektrikoak zuzentzeko, profesional eta boluntario taldea eratuko da eta hegaztientzako linea arriskutsuak hautematen aditua den teknikari batek koordinatuko ditu; Mallorca, Madril eta Arabako eragin eremu guztietan dauden zerbitzu linea guztiak aztertuko dituzte.

Ikuskapen hauek eta arriskuen mapa hau 2013an egingo dira eta hori oinarri hartuta, hasiko dira zuzenketa lanak; lan hauek LIFE proiektua indarrean dagoen arte egingo dira zati edo babes arriskutsuetan eta aldatu daitezkeenetan, Bonelli arranoak elektrokutatuta akabatu ez daitezen.

Behin lineak aztertu eta hauteman ondoren eta mehatxua identifikatu ahal izateko parametro guztiak aztertu ondoren,  linea horien jabeek zuzendu beharko dituzte autonomia erkidegoko gobernuaren proposamenaren bidez.

Batez ere goiko zubiak kendu edo desbideratuko dira eta argindarra duten elementuak bakartu egingo dira, hegaztiek hegoen edo buztanaren bidez zirkuitua egin badezakete. Hegazti fauna babesteko irtenbide teknikoek babesen arabera egingo dute jarduera bat edo bestea:

 

  • Zurezko gurutzea eta isolagailu zurruna aldatu eta metalezko gurutzea eta esekitako isolagailua jarri.
  • Isolagailu zurruneko linea zatien ordez, esekitako isolagailua duten zati berrik jarri; babes kopurua murriztu eta eroaleen arteko distantzia hazi.
  • Isolagailu zurrunen ordez, esekitako faroltxoen bidez lotutako babesak jarri.
  • Eroaleak isolatu.

 

Era berean, Madrilgo Erkidegoak arriskuen mapa lantzeaz gain, Ingurumeneko Zuzendaritza Orokorraren bidez beste zeregin hau beteko du:

 

  • Madrilgo erkidegoko Ingurumeneko Zuzendaritza Orokorrak informazio fluxuak bideratzeko eta datuen bilketa sistematizatzeko behar diren jarduera protokoloak egingo ditu; landa lanean basozainak arituko dira, batez ere, eta Madrilgo erkidegoari atxikitako eta bere mendeko langileak ere arituko dira; era berean, argindar konpainiarik nagusienekin hitzarmenak/akordioak sustatuko ditu, egin beharreko neurri zuzentzaileak definitzeko eta lehentasuna emateko.
  • Zuzendutako babesen erregistroa sortuko da, banaka identifikatuko dira eta kartografian ere jarriko dira google earth oinarri hartuta (kmz artxiboa). Kartografia hori urteko txostenean sartuko da.

 

Beste faktore negatibo batzuk identifikatu eta zuzendu

Jarduera honen bidez Nafarroan, Mallorcan, Araban eta Madrilen identifikatutako eremuetan Bonelli arranoa ezartzeko eragina izan dezaketen beste zergatiak aztertu eta zuzenduko dira.

Landan eta teledetekzio sistemen bidez (informazio geografikoko sistemak (GIS), libre utzitako hegaztiak GPS bidez jarraitzeko) hegaztien jarraipen zehatza eginda, espeziearentzako mehatxagarriak izan daitezkeen balizko faktoreen ebaluazio txosten bat egingo da; faktore horiek eragozpenak sor ditzakete edo heriotza eragin dezakete. Nafarroan, gainera, informazio honekin eremu gatazkatsuak mugatuko dira eta neurri mota desberdinak planifikatuko dira, espezie honen kontserbazioa eta erabilera publikoa uztartu ahal izateko: eskalada egitea galarazitako eremuak, aldi batez mugatutako eremuak (aldi kritikoetatik kanpo), lurraldearen estatus ugalkorraren arabera baldintzatutako eremuak eta baimendutakoak.

Bi autonomia erkidegoetan espeziearentzako negatiboak izan daitezkeen faktore horiek guztiak zuzentzeaz gain, faktore horien azterketa ere egingo da, autonomia mailan ekintza plana formulatzeko eta horrela egungo eta etorkizuneko edozein mehatxu motari erantzun ahal izateko. Plan hau proiektuan zerikusia duten autonomia erkidego guztiekin koordinazioan egingo da. Era berean, irizpide orokor gisa, ugalketa amilburuaren edo amilburuen lasaitasuna bermatuko da bikote bat edo gehiago baldin badaude; horretarako, praktika onen akordioa lortuko da eskaladako erakundeekin (2015. urtea), arauzko mugak ezarriko zaizkie eskalada edo antzekoak egiteari, Eremu Biologiko Kritiko (75/2005 dekretu autonomikoa) izendapena emango zaie, landa zaintzako errutina ezarriko dute autonomia erkidegoko zerbitzuek eta boluntarioek, horrelakorik balego, inkubazio garaian eta txitak hazterakoan (martxotik ekainera, printzipioz) eta hori Espezieak Kontserbatzeko Zerbitzuaren erantzukizuna izango da.

Pozoiaren aurkako borrokari dagokionez, espezie honengan faktore honek nahiko eragin txikia duen arren, kezka handiagoa sortzen du harrapariak direnean. Baina pozoien aurkako borroka ez dugu proiektu honetan sartu, Espainian berariazko LIFE bat baduelako eta oso eraginkorra da (LIFE-VENENO...).

Madrilen, gaur egun, gune gatazkatsuen jarraipena egiten da, nahiz eskalada egiten delako, nahiz ibilaldietarako eremua delako nahiz naturan garatzen diren bestelako jarduerak egiten direlako, eta jarraipen hori basozainekin lankidetzan eta koordinazioan egiten da. Ugalketa aldian arazoak hautemanez gero, aldi baterako neurri zuzentzaileak hartzen dira. Beraz, zentzu honetan beste eskualdeek lortzen dituzten emaitzak oso baliozkoak izaten dira eta etorkizunean erabakiak hartzeko erabiliko dira.

Mallorcari dagokionez, Serra de Tramuntanako labarretan eskalada kontrolatzea arauz indarrean dagoen errealitatea da, izan ere espazio hau guztia (uhartearen iparraldeko GKL eta HBBEak barne) Paraje Naturala da eta zentzu honetan bere araudia du.

Bestalde, uharteetako Inguru Naturaleko Zuzendaritza Orokorrak mendeko kirolen praktika honen gutuna sustatu du eta jarduera hauen eragina txikitzeko mekanismoak kirol horiek egiten dituztenen borondatea eta lankidetza oinarri hartuta finkatu ditu. Praktika on horiek ezartzeko kontuan izango dira proiektu honetan lortuko diren ondorioak.

 

Jarduera hau beharrezkoa izatearen arrazoiak:

Espainian Bonelli arranoa erabat berreskuratzeak (LIFE proiektuaren xedea) arrakasta izateko, proiektuaren amaieran espeziearen jarraikortasuna bermatuta egon beharko da. Horretarako funtsezkoa izango da eragozpenak eta heriotza zergatiak gutxitzea Izan ere, horrelakorik egiten ez bada eta elikatzeko aukera bermatzen ez bada (jardueren xedea, C.1- Abeltzaintza tradizionaleko praktikak mantendu eta C.2- Populazio harrapakinak mantendu edota berreskuratu), sartutako hegaztiak baldintza hobeagoetako eremuetara joan daitezke (eta horrela ez dira sustraituko) edo zauritu edo hil egin daitezke eta horren ondorioz, aukeratutako eremuetan ez litzateke egiaz indartuko/berriro sartuko espeziea.

Bonelli arranoaren mehatxuetako bat zerbitzuko linea elektrikoak eta linea hauetan erabiltzen diren gurutzeta mota desberdinak dira. Linea mota honetan elektrokuzioagatik dagoen hilkortasun tasa, batez ere gazteenen artean, oso altua da espezie honetan eta harrapari hau bizi den iberiar eskualde askotan %50era iristen da. Hori dela eta, jarduera honek lehentasuna du.Bestalde, espezieak baditu beste mehatxu batzuk ere eta horiek ere aztertu eta zuzendu egin behar dira, espeziea berreskuratuko dela bermatzeko (ehiztariekin elkarrekintza, eskalatzaileekin, etab.). Era berean, jarduera hau beste espezie batzuen mesederako ere bada, bereziki arrano arrantzalearen (Pandion haliaetus) eta miru gorriaren (Milvus milvus) mesederako; bata, Espainian gutxien dagoen hegazti harraparia da eta bestea Espainian mehatxatuta dagoen espeziea, hurrenez hurren.

Share

lifebonelli newsletter eus

Photo News